#Arnasguneak2025 nazioarteko konferentzian aurkeztutako "Euskarak ez du periferiarik zentrorik ez baitauka" aurkezpenari erantzutera ausartu naiz gaur Euskadi Irratiko #Faktoria saioan. Hemen doa tutetan bertan ahoz esandakoa.
Duela astebete Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean Nazioarteko bi eguneko konferentzia antolatu zuten Azpeitian, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Soziolinguistika Klusterra, UEU eta Coppieters Fundazioak antolatuta. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoak Foru Alduntiaren eta Azpeitiko Udalaren laguntza izan du, nazioarteko dozenaka hizlari eta parte-hartzaile bilduz. Gales, Eskozia, Katalunia, Hego Tirol, Serbia eta Kanadako hizlariak egon dira, Euskal Herrikoez gain.
Oso gustura egongo nintzen bertan, egia esan, tartean nire doktorego tesi epaimahaian egon zen Elin Haf Gruffyd Jones galestarra bezalako lehen lerroko erreferenteak egon direlako. Jende jator, argi eta konprometitua bildu zen Soreasu antzokira pasa den ostegun eta ostiralean. Baina bizi garen moduan bizi gara, eta ezinezko nuen bertaratzea. Beraz, han esandakoak prentsaren, UEUko mastodon kontuaren bidez eta bertan egon ziren lagun eta burkideen bidez heldu zaizkit.
Kontua da hautsak harrotu dituela Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia eta Mikel Artanok iragan ostiralean plazaratu zuten "Euskarak ez du periferiarik zentrorik ez baitauka" ponentziak (Berrian eta Naizen irakurri daitezke ponentziaren zati batzuk, baita UEMAren kronikan ere). Eztabaida sortu da han esandakoen inguruan, eta batzuk - ni barne- minduta eta ez ulertuta sentitu gara, eta iruditu zait erantzun bat merezi duela han esandakoak.
Haien aurkezpenean ikerlariek planteatu dutena da bidegabea dela euskararen periferiez hitzegitea, euskara, eta euskal hiztun oro, espainiera eta frantsesaren periferian bizi garelako. Ez luke zentzurik hortaz euskararentzat zentro eta periferiez hitzegiteak, marko hori ezegokia, arrotza eta kaltegarria zaigulako. Are, planteatzen zuten "periferiaren diskurtsoak" finean arnasguneak deuseztea izan dezakeela helburu, eta erdalgintza indartzen duela.
BegoΓ±an jaiotako, Santutxun ikasitako eta Otxarkoagan bizitako euskaldun bezala bizitza osoan entzun behar izan dut (oraindik ere bai) oso ondo egiten dudala euskaraz Bilbotarra izateko. Oso ondo dakit unibertsitateko langile bezala zenbat A8ko ordainsari pilatzen zaizkidan euskalgintzarekin lotutako proiektuetan nabilenean.
Oraindik gogoratzen dut ze gaizki pasatu nuen Euskaraldiko azken saioetan, nire burua Ahobizi eta Belarriprest figuretan kokatu eta eutsi ezinik. Gogoan dut nire lantokian "Gaurgiro" aisialdi taldea italieraz ahoskatzen zela, gaurgiro, euskararen ahoskera guztiz ezezaguna zitzaielako askori.
Baditut lagun (on) gipuzkoar euskaldun jator askoak literalki ez didatenak ulertzen gauza batzuetaz hitzegiten diedanean, eta baditut lagun arabar euskaldun (hauek ere baita ere jator askoak) bi hitz esaterako ulertu didatenak zertaz ari naizen.
Behar bada euskarak ez du zentrorik, baina izan, baditu periferiak. Badakit, ni halakoetan bizi naizelako. Halakoetan borrokatzen dudalako. Tarteko espazioak dira, posibilitatez betetakoak. Zikinak, kutsatuak, ez nahikoak. Autentikoak ez direlako dira benetakoak. Legitimo suertatzeko zorterik izan ez dutelako izan daitezke behar bada libreagoak.
Paisaia berriak ekarri dizkiote euskarari, ordura arte egin gabeko gauzak egiteko aukerak zabaldu dizkigute. Gabriel Aresti ekarri digute. Eta Oskorri. Eta Negu Gorriak. Eta Zea Mays. Eta Willis Drummond. Eta Ibil Bedi. Eta Tatxers. Eta Hala Bedi irratia. Eta Kanaldude. Eta Bilboko Aste Nagusia.
Haserretu eta mindu egin naiz irakurri ditudan gauza batzuekin, baina egia esan ulertzen dut nondik esan diren. Zergatik esan diren. Uzkurtzea denok igartzen dugu. Ez gara irabazten ari. Babesa nahi dugu.
Esango nuke geu garela babesa. Elkarren babesa gu geu garela. Arkaitz Zarragari irakurtzen nion aurrekoan, Mastodonen ere (kontuan hartzeko beste arnasgune bat hau ere, mastodon) jakintsu batek Santutxun idatzi zuela: "Elkarrekiko ezagutza da ondoko zerbaiten giltza. Herri bakarra izan nahiaren ezinbesteko baldintza"
Nik baietz uste dut, euskarak, zorionez, badituela bere periferiak, gure periferiak. Eta agian hori ere onartu egin behar dugula, elkarren periferia izan gaitezkeela, eta horrek gure unibertsoaren sakonera eta zabalera eta aniztasunaren berri ere ematen digula. Behar bada ospatu egin beharko genuke, eta hor bilatu elkarren irradiazioa.
@txerren Eskerrik asko azalpen osoagatik.
@txerren gai honetan ez naiz sartu, nuen mina arintzeko, gaur egun eztabaidatzeko ditugun dinamika bortitzak ez elikatzeko eta periferien babesean besteak ez mintzeko. Oraindik ezin dut, baina zure hitzek bikain adierazten dutenez nire bizipena, baina herra gehiago dudanez, ba horrela utziko dugu, eta sartu gabe jarrituko dut πŸ˜‚
@koldotxu ni "quedabien" deitzeko oso modu elegantea erabili duzu ^^

@txerren hemen elegantea dena zeu zara: zubiak eraikitzen dituzuen pertsonak ezinbestekoak zarete.

Niri bururatzen zaizkidan gogoetak zubiak dinamitatzea ekarriko lukete bakarrik. Eta ustezko euskaldun asko jipotzea ere. Baina uste dut hori delitua dela.