> Mundua hankaz gora dago, ez ausaz, batzuek hala jarri dutelako baizik. Eskuin muturraren gorakada, faxismoa forma zahar eta berrietan, jarrera erreakzionarioak nonahi eta politika neoliberalak askatasun indibidualaren izenean bozkak pilatzen eta gorputz eta lurraldeak zapaltzen.
> Palestina, Venezuela eta Rojava inperialismoaren ondorioen eszenatokien adibide argi dira. Ez dira garai onenak egungo mundua iraultzeko lanean gabiltzanontzat.
> Askotarikoak gara sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazistak zapaltzen gaituen gorputzak, are gehiago, zapalkuntza horiek gorputzetik ez ezik lurraldeetatik ere igarotzen dira.
> Ezin baitira bata eta bestea haien arteko loturarik gabe ulertu.
> Igarotze horrek gorputzetan pobrezia, desberdinkeria, ikusezin bihurtzea, gorrotoaren jopuntu izatea, esplotazioaren gorputz izatea, menpeko izatera kondenatzea edota sistemaren pieza huts bat gehiago besterik ez izatea dakar. Finean, indarkeria aplikatzeko materia, zuzenean nahiz zeharka.
> Indarkeria horiek guztiak aplikatzeko egiturek sostengatzen dute sistema, eta beraz, hankaz gora dagoen mundu hau.
> Lurralde bakoitzean ezberdin lurreratzen da zapalkuntza bakoitza.
> Baina lurralde guztiek ez dute indarkeria bera ezartzen beste lurralde eta gorputzekiko, eta guri, ezinbestean, bizi garen kokaleku honetatik, Ipar globaleko herri garen heinean, ardurak hartzea ere badagokigu Hego globalarekiko okupatzen dugun posizioan.
> Horrek zapalkuntzen kate globalean dugun lekuaz jabetzea dakar, eta guk paradigma kokatu horretatik dihardugu. Bizi ditugun indarkeriei aurre eginez eta eragiten ditugunetatik desplazatzeko erabaki irmoa hartuz.
> Izan ere, kokapen horretatik jarduteak ez du soilik zapalkuntzen egitura globala ulertzea eskatzen; gure eguneroko praktikak ere aztertzea dakar.
> Ongi dakigu zeinek jartzen dituen kolokan eskuin muturra eta haren balioak.
> Zein gorputz, harreman-eredu eta komunitatea antolatzeko eredu diren ordena zisheteropatriarkal, arrazista, kolonial eta kapitalistarentzat desestabilizatzaile.
> Gure egunerokotasunean bizitza sostengatzeko eta bizigarriagoak egiteko martxan jartzen ditugun praktikak aurrera eramaten ditugunean jartzen dugu zalantzan ordena hori; bizitza kapitalaren gainetik antolatzen dugunean.
> Antikapitalismotik, antiarrazismotik eta zisheteroarauaren aurka. Finean, antifaxismotik eragiten dugunean.
> Guk bide horretan jarraitzeko, hori guztia iraultzeko eta Euskal Herria Feminista eraikitzeko proposamen politiko bat dugu, eta Burujabetza Feministaren baitan ardazten dugu.
> Gorputz burujabez osatutako lurralde burujabea izateko. Desberdinkeriekin eta askotariko indarkeria eta zapalkuntzekin amaituko duten baldintza materialak eskuratzeko tresna dugu Burujabetza Feminista. Herri gisa menpeko izatetik deslotzeko eta menpeko gorputzak sortzeari uzteko.
> Sistemaren egiturek noraezera eraman nahi gaituzte, baina guk geure burua etengabe berrasmatzen dihardugu eta argi dugu norabidea.
> Eraldatu nahi dugun guztia irauliz, asmatzen ari gara, herria eraikitzen asmatzen ari gara. Bere lur, hizkuntza eta gorputz.
> Segi dezagun eraikitzeko iraultzen.
> Gora borroka feminista! Gora Euskal Herria Feminista! Gora Bilgune Feminista!
— @ehbfeminista 🦋 https://bsky.app/profile/ehbfeminista.bsky.social/post/3mgcudmyut22u
❤️🔥 👏👏👏 ♀️✊
#8M #M8 #EuskalHerria #EHBilguneFeminista #Manifestua #BurujabetzaFeminista #GorputzenBurujabetza







