Sabotaje algoritmikoaren alde
«I will overturn, overturn, overturn, it[…]»
Ezekiel 21:27 – King James Version
«Algoritmo guztien gainetik, algoritmo guztien azpitik»
Xabier Landabidea
Deseroso nago, deseroso gure jendarteak teknologiarekiko hartu duen jarrera kasik erlijiosoarekin, eta deseroso, horri aurre egiteko ikusten dudan ezintasun politiko eta sozialarekin. Ikara sor dezaketen joerak ikusten ditugu, jenderik gabeko sare sozialak adibidez, eta tragedia baino kakaztearen ondoriozko fartsa iruditzen zait. Beste adimen artifizial baten bila euskal eskalan lan egin beharko dugu, eta ni hor aurkituko nauzue, baina ez zait aski. Borroken eta borrokarako tresnen aliantza berriak egin beharko ditugu, teknomonoteismoa ezarri nahi duten idiotak garaitzeko. Sua behar dut (RF Kuang-en modura), kolektiboki erabakitzen dugunean, kalte egiten diguten ustez atzeraezinak diren teknologia horiek itzaltzeko, ez… errautsetaraino erretzeko! Eta bide teknopolitiko berriak abiatzeko, bizitzaren alde egingo dugu, tresna berriekin.
Egunerokoak eta praktikak pentsamendurako uzten dizkidaten tarte txikietan, zerbait aurkitu dut, Ludd eta Internazional Situazionistaren arteko zerbait, katastrofista izan gabe, apokaliptikoa izan nahi duen proposamen politiko eta estetiko bat, Sabotaje Algoritmikoa, eta hau azaltzen duen Manifestua.
Manifestuak sistematikoki egituratutako hamar proposamenen segida osatzen du, 0tik 9ra zenbatua, bakoitzak marraztuz Sabotaje Algoritmikoa kontzeptu kritikoa osatzen duten oinarrizko printzipioak, ikuspegi estrategikoak eta adierazpen estetikoak, kultura digitalaren eta informazioaren teknologiaren marko zabaldu eta korapilatsuetan barrena.
Horrela, The Algorithmic Sabotage Research Group (ASRG) talde konspirazional, estetiko-politiko, eta praktikan oinarrituak proposatuta, manifestua euskaratu dut bizitzak utzi didan tarte txiki batean, algoritmo guztien gainetik, algoritmo guztien azpitik pentsatu eta antolatu gaitezen.
ASRG taldeak ideia gehiago ere baditu, lantzen ari naiz, eta ekarriko ditut hona, orain lehen proposamena, Manifestua irakurri, hobetu, solastu eta ekinen dugu:
Sabotaje Algoritmikoari buruzko manifestua
Atenas, 2024ko maiatza
#AA #adimenArtifiziala #algoritmoak #burujabetzaTeknologikoa #etorkizuna #InternazionalSituazionista #ludismoa #PentsatzekoEkin #SabotajeAlgoritmikoa #situazionismoa #sua #teknologia #teknopolitika
